Rose Dieng-Kuntz
1956-2008
Ezagutza, denontzat eskura
Aipuak
"Etorkizunari begira gizabanakoak, erakundeak, herrialdeak eta kontinenteak lotzen dituen web batekin amesten dut, informazio gizartetik ezagutzaren gizartera.”
Rose Dieng - Kuntz
Zer zor diogu?
Egun ezagutzen dugun internet sarea ez litzateke berbera izango bere ekarpenik gabe. Gainera, ezagutzaren transmisioa ezezik, bere pasioarena ere partekatzen zuen gazteekin, batez ere neskekin, era honetara genero ezberdintasunak ezabatuz eta zientzia parekide baten alde lan eginez.
Biografia
Lehen urteak Afrikan
Rose Dieng-Kuntz Senegalen jaio zen 1956.urtean, zazpi neba-arreben sendi oso pobre batean. Bere aita Henri Dieng-ek hainbat balore sustatu zituen beragan; hala nola, lanarekiko konpromezua, esfortzuaren balioa, leialtasuna eta zintzotasuna, Rose beraren esanetan. 1976an Dakar hiriko École Polytechnique-an onartu zuten lehen emakumea bilakatu zen. Han Telekomunikazioko Ingeniaritzako diploma eskuratu zuen
Zientziari jarraiki… Europara
Bere ikasketekin jarraitzeko Frantziara mugitu zen Rose, Parisera zehazki. Bertan, Université Paris-Sud unibertsitatean, informatikan doktoratu zen eta handik gutxira Digital Equipment Corporation (DEC) enpresan hasi zen lanean, Adimen Artifizialaren esparruan.
Bidelagunak
DEC-en ezagututako Pierre Harenekin batera ikerketa-talde bat osatu zuen Institut National de Recherche en Informatique et en Automatique (INRIA)-n. Gauzak horrela, 1985ean DEC utzi eta INRIAn sartu zen buru-belarri, Pierre buru zuen SMECI proiektuaren baitan adimen artifizialaren inguruko ikerketan lanean. Proiektu honen helburua honakoa zen: tresna edo erreminta generiko bat sortzea, gerora hainbat aplikazioen oinarri izango zena. Rosen lana “azalpenena” zen: sistema gai izan behar zen erabiltzaileei bere funtzionamendua azaltzeko. Rosen ardura nagusia, ezagutzaren transmisioarena zen. Horregatik esan zuen: “gehien motibatzen nauena ezagutza partekatzea da: horregatik etorri nintzen Frantziara, senegaldar guztien on-izatea helburu”.
Helburuak zehaztuz
1988an Rosen lankide Pierre Harenek INRIA utzi zuen bere enpresa sortzeko, baina Rosek ikerketan jarraitzea erabaki zuen eta SMECI proiektuak izena aldatu zuen, SECOIA izena hartuz. Proiektuaren gidaritza gizonezko batek (Bertrand Neveuk) hartu zuen berriro ere. Garai hartan Roseri datuak eskuratzeko sistemei buruzko interesa piztu zitzaion, eta handik aurrera gai hari heldu zion bere ikerketa lanetan.
ACACIA edo memoria partekatzea
Ildo horri jarraituz, 1992 urtetik 2006ra bitarte, Rosek ACACIA proiektuaren lidergoa hartu zuen. Era honetara, INRIAn talde bat gidatzen zuen bigarren emakumea izan zen. ACACIA proiektuaren jomuga ondorengoa zen: sistema ezberdinetatik ezagutzak hartuz, enpresa eta instituzio ezberdinei ateak irekitzea metodo eta erremintetara; beste era batera esanez, beste sistemen memoria eta jakinduria baliatzea erakunde zein pertsonei momentuan behar zituzten erantzunak emateko. Informazio iturriak eskuragarri egitea, funtsean. Rosek hala zion: “memoria ezinbestekoa da pertsonen, komunitateen eta nazioen bizitzan; memoria faltak deuseztatu egiten gaitu”.
Lorpenak eta borrokak
2005 urtean Irène Joliot-Curie saria eman zioten bere ibilbidean zehar zientziari egindako ekarpenengatik. 2007 ondotik Edelweiss (Exchanges, Documents, Extraction, Languages, Web, Ergonomics, Interactions, Semantics, Servers) proiektuaren arduradun izan zen INRIAn. Bederatzi liburu eta ehundik gora artikulu idatzi zituen hainbat gaien inguruan, hala nola: adimen artifiziala, ezagutzaren kudeaketa, ontologia, web semantikoa, etabar. Bere lan esparruan benetako pasioa zuen zientzialaria izan zen Rose, zinez. Horrez gain, komunitate zientifikoan ezagutza partekatzearen eta zientzian emakumeen presentzia areagotzearen alde lan egin zuen sutsuki, 2008 urtean zendu zen arte.
Rose Dieng - Kuntz - Dokumentua