Udako Campusa

Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak ekainean eta uztailean

869x400


DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko lehen mailako ikasleentzako Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak ekaina amaieratik uztaila erdialdera arte. Ekaineko azken astean Mondragon Goi Eskola Politeknikoak antolatutako Ingeniaritza campusa egingo da Arrasaten, eta hurrengo astean, Aretxabaletan egingo da Komunikazio Campusa.

Ekaineko azken astean hasita, Udako Campusa egingo du Mondragon Unibertsitateak. Udako Campusean DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteek parte hartu ahalko dute, eta etorkizuneko ikasketa eta lan orientaziorako lagungarriak diren ekintzak izango dira. Ikasketak aukeratzeko erabakia ez da erraza izaten eta campus honetan komunikazioa eta ingeniaritzaren inguruko zertzelada batzuk ikusi eta bizi ahal izango dituzte gazteek, euren interesekoak izan daitezkeen jakin dezaten. 

Ekainaren 29tik uztailaren 3rako astean Ingeniaritza Campusa egingo da Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean. Uztailaren 6tik 10erako astean, berriz, Komunikazio Campusa egingo da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean. Parte-hartzaileek Udako Campus osoan eman ahalko dute izena, edo bi campusetako batean. Campusen saioak goizez izango dira, 9:30etatik 13:30era. 13:30etatik 14:30etara elkarrekin bazkalduko dute parte-hartzaileek.

Izen-ematea
Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 12ra arte. Udako Campus osoaren prezioa 260 eurokoa da, eta campus bakarrean izena emateko, berriz, 170 eurokoa izango da. Prezioaren barruan sartzen da eguneroko bazkaria ere. Plaza mugatuak izango dira.

Izen-ematea

Ingeniaritza Campusa

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak bigarren aldiz antolatu du Ingeniaritza Campusa.

Astebeteko iraupena izango du eta Mondragon Unibertsitateak Arrasaten ( Iturripe) duen campusean izango da. Ekainaren 29etik uztailaren 3ra egingo da Ingeniaritza Campusa, goizeko ordutegian.

Ingeniaritza campusaren helburua gazteak ingeniaritzako arlo ezberdinetara hurbiltzea da; diseinua, informatika, elektronika, mekanika, biomedikuntza eta antolakuntza arloak gertutik ikusi eta bizitzeko aukera ematea. Etorkizunean zer izan nahiko dugun aukeratzea ez da beti erraza izaten, eta bide horretan lagundu nahi die ikasleei campusak, antolatzaileen esanetan: “Imaginatzen al duzu zure burua, gizarte hobeago bat, jasangarriago bat eta inklusiboago bat marrazten? Ingeniari batek teknologiaz baliatuz hainbat berrikuntza egin ditzake zentzu horretan eta aste honetan horiek ezagutzeko aukera izango duzu, tailer, bisita eta talde dinamika dibertigarrien bidez, jende berria ezagutuz eta ondo pasatuz! Zein ingeniaritza-arlo gustatuko zaizu gehien? Etorri eta ezagutu!”.

 

Komunikazio Campusa

Komunikazio Campusa hirugarren aldiz egingo da, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak antolatuta. Astebete iraungo du eta Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen Komunikazio campusean egingo da. Uztailaren 6tik 10era egingo da Komunikazio Campusa, goizeko ordutegian.

Komunikazio Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: telebista platoen erabilera, kamera aurrean nola jardun, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea… Komunikazioan adituek, profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte Komunikazio Campusean.

INFORMAZIOA:

INGENIARITZA Campusa 2026.

  • Aurtengo gaia: Sentitu Ingeniari aste betez!
  • Noiz: 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra
  • Taldea: 30 lagun.
  • Tokia: Arrasaten. Mondragon Unibertsitateko, Mondragon Goi Eskola Politeknikoan.
  • Ordutegia: 09:30-13:30. Bazkaria 13:30-14:30.
  • Nori zuzenduta: DBH-3, DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailakoak
  • Hizkuntza: Euskaraz.
  • Izena emateko epe-muga: 2026ko ekainaren 12a
  • Prezioa: 170 euro 

 

Izen-ematea

KOMUNIKAZIO Campusa 2026.

  • Aurtengo gaia: Bideo-podcasta: sorkuntza eta zabalkundea sare sozialetan.
  • Noiz: 2026ko uztailaren 6tik 10era
  • Taldeak: 15 lagun.
  • Tokia: Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campusean.
  • Ordutegia: 09:30-13:30. Bazkaria: 13:30-14:30.
  • Nori zuzenduta: DBH-3, DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailakoak.
  • Hizkuntza: Euskaraz.
  • Izena emateko epe-muga: 2026ko ekainaren 12a
  • Prezioa: 170 euro

Izen-ematea

 

 

1090x560

Maite Anaya eta Unai Portilla, ingeniaritza eta komunikazioko campusetako arduradunak