Berriak
Arrakastaz amaitu da ZTIM Hub Udako Campusaren lehen edizioa
Arrakastaz amaitu da ZTIM Hub Udako Campusaren lehen edizioa
14 eta 17 urte bitarteko 10 gaztek ingeniaritzaren hainbat arlo ezagutzeko aukera izan dute, tailer, bisita eta jarduera praktikoen bidez.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ZTIM Hub Udako Campusaren lehen edizioa antolatu du aurten. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean egin da, eta 14 eta 17 urte bitarteko 10 gaztek parte hartu dute, horietatik neska bat.
Aste osoan zehar, parte-hartzaileek 9:30etik 14:30era bitarteko egitaraua izan dute, eta bazkaria ere campusean egin dute. Helburua ingeniaritza eta teknologiaren inguruko esperientzia praktiko eta erakargarria eskaintzea izan da, gazteei etorkizuneko ikasketa eta lanbide aukerak gertutik ezagutzeko aukera emanez.
Horretarako, askotariko jarduerak antolatu dira: tailer praktikoak, escape room bat, enpresa bisita eta hainbat diziplinatan murgiltzeko saioak. Besteak beste, diseinua, materialak, fabrikazio-prozesuak, biomedikuntza, energia berriztagarriak, programazioa, robotika, errealitate areagotua, fisika eta antolakuntza landu dituzte.
Amaierako asebetetze inkestaren arabera, parte-hartzaileek oso modu positiboan baloratu dute esperientzia. Nabarmendu dute ingeniaritzaren arlo berriak ezagutzeko eta horietan sakontzeko aukera eman diela, eta, aldi berean, etorkizun hurbilean hartu beharreko ikasketa eta lanbide erabakietan lagungarria izango zaiela.





