Berriak

Atal honetan MONDRAGON ZTIM HUB berriak aurkituko dituzu.

 

Atzealdea

Donostialdeko gazteen % 30ek besterik ez du zientziarako eta teknologiarako bokazioa, Mondragon Unibertsitatearen ikerketa baten arabera

IKERKETA

Donostialdeko gazteen % 30ek besterik ez du zientziarako eta teknologiarako bokazioa, Mondragon Unibertsitatearen ikerketa baten arabera

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak 14 eta 16 urte arteko ikasleek STEAM edo ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) lanbideen inguruan duten pertzepzioa aztertu du Elhuyarrekin elkarlanean egindako ikerketan, «Donostialdeko gazteen pertzepzioa ZTIM arloetako gaien eta lanbideen inguruan» izenekoan

2023·10·25

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Elhuyarrekin elkarlanean egin duen ikerketaren helburua izan da Donostialdeako udalerrietako 14 eta 16 urte arteko ikasleek ZTIM lanbideen —zientziari eta teknologiari lotutakoen— inguruan duten pertzepzioa ezagutzea. Izan ere, lanbide horiek etengabeko hazkundea dute, eta horietan oinarrituko da lurraldeko industria-enpleguaren etorkizuna.

Ondorio nagusiak

«Donostialdeko gazteen pertzepzioa ZTIM arloetako gaien eta lanbideen inguruan» ikerketak eskualdeko 658 gazteren iritziak jasotzen ditu. Parte-hartzaileen % 49,4 emakumezkoak dira, eta % 47,5, gizonezkoak. Ikerketan hamar bat ikastetxek hartu dute parte, Donostia, Lasarte Oria, Urnieta, Hernani, Andoain, Pasaia, Errenteria, Andoain eta beste udalerri batzuetakoek.

18 galderaz osatutako inkesta baten bidez, ondorio garrantzitsu hau atera du ikerketak: nesken % 25ek (81ek) eta mutilen % 39k (122k) soilik dituzte gogoko zientziari eta teknologiari lotutako gaiak. Esan beharra dago antzeko ikerketa bat egin zela duela hilabete batzuk Goierri eta Debagoiena eskualdeetan, eta bietan ere handiagoa izan zela lanbide horiekiko interesa. Zehazki, Goierriko nesken % 29k eta mutilen % 59k adierazi zuten gogoko zituztela ZTIM lanbideak, eta Arrasate inguruan, nesken % 39k eta mutilen % 54k.

Horrez gain, Donostialdeko ikerketak agerian jarri du zein diren eskualdeko gazteen interesak eta kezkak, gehien gustatzen zaizkien irakasgaiak, gogokoen dituzten lanbideak eta ZTIM lanbide batean jarduteko duten interesa. Ikerketaren arabera, neskei gizarte-gaiak, osasuna, irudi pertsonala eta moda interesatzen zaizkie gehien; mutilei, berriz, kirola eta sare sozialetako influencerrak, baita gizarte-gaiak ere. Neskei gehien gustatzen zaizkien irakasgaiak biologia, matematika, hizkuntzak eta literatura dira; mutilei, berriz, informatika, matematika eta historia.

Azkenik, beste gai hau nabarmentzen da ikerketaren ondorioetan: nola ikusten duten neska-mutilek genero-berdintasuna zientziaren eta teknologiaren sektorean. Ildo horretan, lan-baldintzetan desberdinkeriak daudela uste dute inkestari erantzun dioten nesken % 40k eta mutilen % 17k.

Horrelako ikerketa bat bultzatu eta eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean ekintza-plan bat martxan jarri izanak agerian jartzen du Mondragon Unibertsitateak duen konpromisoa ZTIM lanbideak gazteengana hurbiltzeko. Zentzu horretan, unibertsitateak ikastetxeetara bideratutako askotariko jarduerak antolatu ditu, hala nola teknologia-lantegiak unibertsitateko laborategietan, enpresetarako bisitak, emakumezko ikertzaileen hitzaldiak ikasgeletan, lehiaketak eta abar. Proiektu horren barruan, garrantzi berezia dute emakumeek zientzian eta teknologian duten eginkizuna ezagutarazteko jarduerek, horien bidez erreferenteak sortzen baitira, eta neskatilak ahalduntzen, emakume horien urratsei jarraitzeko.

Donostiako ikastetxeei zuzendutako jarduerak Galarreta EKO campusean garatu eta koordinatzen dira (Orona Ideo, Galarretako Teknologia Parkean).

Ikerketaren ondorioak jasotzen dituen laburpen-bideoa, berriz, hemen: