Berriak
Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak ekainean eta uztailean
Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak ekainean eta uztailean
DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko lehen mailako ikasleentzako Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak ekaina amaieratik uztaila erdialdera arte. Ekaineko azken astean Mondragon Goi Eskola Politeknikoak antolatutako Ingeniaritza campusa egingo da Arrasaten, eta hurrengo astean, Aretxabaletan egingo da Komunikazio Campusa, bigarren hau Goienaren laguntzarekin.
Ekaineko azken astean hasita, Udako Campusa egingo du Mondragon Unibertsitateak. Udako Campusean DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteek parte hartu ahalko dute, eta etorkizuneko ikasketa eta lan orientaziorako lagungarriak diren ekintzak izango dira. Ikasketak aukeratzeko erabakia ez da erraza izaten eta campus honetan komunikazioa eta ingeniaritzaren inguruko zertzelada batzuk ikusi eta bizi ahal izango dituzte gazteek, euren interesekoak izan daitezkeen jakin dezaten.
Ekainaren 30etik uztailaren 4rako astean Ingeniaritza Campusa egingo da Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean. Uztailaren 7tik 11rako astean, berriz, Komunikazio Campusa egingo da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean. Parte-hartzaileek Udako Campus osoan eman ahalko dute izena, edo bi campusetako batean. Campusen saioak goizez izango dira, 9:30etatik 13:30era. 13:30etatik 14:30etara elkarrekin bazkalduko dute parte-hartzaileek.
Izen-ematea
Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 13ra arte. Udako Campus osoaren prezioa 250 eurokoa da, eta campus bakarrean izena emateko, berriz, 150 eurokoa izango da. Prezioaren barruan sartzen da eguneroko bazkaria ere. Plaza mugatuak izango dira.
Ingeniaritza Campusa
Ingeniaritza campusaren helburua gazteak ingeniaritzako arlo ezberdinetara hurbiltzea da; diseinua, informatika, elektronika, mekanika, biomedikuntza eta antolakuntza arloak gertutik ikusi eta bizitzeko aukera ematea. Etorkizunean zer izan nahiko dugun aukeratzea ez da beti erraza izaten, eta bide horretan lagundu nahi die ikasleei campusak, antolatzaileen esanetan: “Imaginatzen al duzu zure burua, gizarte hobeago bat, jasangarriago bat eta inklusiboago bat marrazten? Ingeniari batek teknologiaz baliatuz hainbat berrikuntza egin ditzake zentzu horretan eta aste honetan horiek ezagutzeko aukera izango duzu, tailer, bisita eta talde dinamika dibertigarrien bidez, jende berria ezagutuz eta ondo pasatuz! Zein ingeniaritza-arlo gustatuko zaizu gehien? Etorri eta ezagutu!”.
Komunikazio Campusa
Komunikazio Campusa hirugarren aldiz egingo da, Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak antolatuta.
Komunikazio Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: telebista platoen erabilera, kamera aurrean nola jardun, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea… Komunikazioan adituek, Goienako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte Komunikazio Campusean.
INFORMAZIOA:
INGENIARITZA Campusa 2025.
- Noiz: 2025eko ekainaren 30etik uztailaren 4ra.
- Taldea: 30 lagun.
- Tokia: Arrasaten, Mondragon Goi Eskola Politeknikoan.
- Ordutegia: 09:30-13:30. Bazkaria 13:30-14:30.
- Nori zuzenduta: DBH-3, DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailakoak
- Hizkuntza: Euskaraz.
- Izena emateko epe-muga: 2025eko ekainaren 13a.
- Prezioa: 150 euro (bazkaria barne).
- Informazio gehiago: :
- Telefonoa: 664 29 86 83 / 674 06 24 08
- Posta elektronikoa: ingeniaritzacampusa@mondragon.edu
- Antolatzailea: Mondragon Unibertsitateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoa.
KOMUNIKAZIO Campusa 2025.
- Aurtengo gaia: Bideo-podcasta: sorkuntza eta zabalkundea sare sozialetan.
- Noiz: 2025eko uztailaren 7tik 11ra.
- Taldeak: 15 lagun.
- Tokia: Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campusean.
- Ordutegia: 09:00-13:30. Bazkaria: 13:30-14:30.
- Nori zuzenduta: DBH-3, DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailakoak.
- Hizkuntza: Euskaraz.
- Izena emateko epe-muga: 2025eko ekainaren 13a.
- Prezioa: 150 euro (bazkaria barne).
- Informazio gehiago::
- Telefonoa / Whatsapp / Telegram: 600 02 27 20
- Posta elektronikoa: komunikaziocampusa@mondragon.edu
- Antolatzaileak: Mondragon Unibertsitatea eta Goiena Komunikazio Taldea.
LAGUNTZAILEA